XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IKASGELAREN PROGRAMAZIOAN IZANGO DUTEN ERAGINA

(Kontuan izan beharreko alderdiak edo eta sartu beharreko aldaketak)

Errutinak

-Argi eta garbi zehaztu behar ditugu ohiko eginkizunak.

Koadro bat erabiliko dugu egunero burutu beharreko eginkizunen berri emateko, sinboloak ipiniko ditugu koadro horretan neskak une bakoitzean egin beharreko iharduera zein den jakiteko eta bukatu berri duena edo ondoren egin beharrekoa zertan diren ohartzeko.

Baliabide guztiz erabilgarria da hori talde osoarekin batera espazio-denboren antolamendua lantzeko.

-Talde handian egunero egindako iharduerak egokitu egin behar ditugu, ahozko mintzairan oinarritzen baitira batik bat.

Gauzak horrela, ondokoa proposatzen dugu: gai batez hitzegiterakoan irudiak, marrazkiak, grafikoak eta gaiari buruzko bestelako errepresentazioak erabiltzea.

Neskak hitzezko mezua ongi ulertu duela ziurtatu behar dugu.

Hitzezko iharduerak ezin daitezke luzeegiak izan, luzaroan arreta jartzeko arazoak baititu neskatoak.

Iharduerak luze samarrak izatekotan aipatutakoak bezalako neurriak erabili beharko ditugu ezinbestez.

Erantzun ditzakeen galderak zuzendu behar dizkiogu besteen aurrean dakiena erakusteko aukera izan dezan.

-Hitzezkoaz besteko bideren bat erabilita parte hartzera bultzatu behar dugu (ipuin bat kondatzen ari bagara, neskak irudiak seinalatu ditzake; arreta jartzeko modu egokia da hori).

Besteen aurrean ez ditugu hitzezko adierazpenean dituen akatsak zuzenduko.

- Komunera joateko eta garbitzeko jarraipideak behar ditu oraindik.

Nahikoa da noizean behin zer egin behar duen gogoraraztea.

Beste haur batzuek ere lagun diezaioten saiatuko gara.

Eginkizunak burutzeko denbora.

-Eginkizunak burutzeko denbora luzeagoa eman behar diogu.

Haurren taldeak.

- Ustez egun dauden taldeak egokiak dira, talde handiko eta talde txikiko elkarreraginak ahalbidetzen baitituzte.

Dena dela, elkarreraginak hasteko eta iraunarazteko laguntzak eman behar dizkiogu neskari.

Gizarte-gaitsuna areagotu ahala lortuko du hori.

Baliabideen hautaketa eta antolamendua.

- Ikasgelan erabilitako materialak egokiak eta baliagarriak dira. Ikusizko material didaktiko gehiago erabili beharko genuke ingurunea antolatzen laguntzeko: seinaleak, kodeak, etab.

Ikasgelan ispilu bat izatea komeni da, ahozko adierazpena lantzeko.

Haurren arteko harremanak.

-Taldeko gainerako haurrekin lankidetza areagotzeko estrategiak burutuko ditugu, neska onar dezaten saiatuz integrazioa bultzatzeko asmoz.

Hona hemen egin dezakeguna:

-Egituratutako jolasen txokoan eta mahaiko lanak burutzen ari direnean, laupabost haurrek osatutako taldeak egingo ditugu.

Astero, txandaka, haur bakoitzak eginkizun zehatz bat burutu beharko du.

Ondokoak proposa diezazkiekegu:

besteei eginkizunetan eta jolasetan laguntzea;
behar dituzten materialak banatzea;
besteei zer egin duten galdetzea;
txokoa txukun eta taldekideek erabilitako materialak bilduta daudela egiaztatzea.

- Iharduera horiek burutzeko laguntza eman behar diogu, hasieran behintzat.